XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gaztearen atzamarrak txirrina jotzeko denborarik ere izan gabe, atea ireki da eta Kim Basingerrek Bederatzi aste t'erdi filmean agertzen duen itxura modu komiko batean imitatzen duen emakume nahiko heldu batek pizza-banatzailea ahots sentsual gozo batez errezibitzen du.

Mutikoa halako harrera berezietara ez dago ohitua eta, begirada lurrera zuzenduz, ttua irenstera behartuta ikusten du bere burua bere eginbeharrarekin behar bezala segitu ahal izateko.

Izan ere, emakume hori ez da bera gauero ikustera ohituta dagoen andre samin, latz, txabusinadunen estereotipoa.

Honek berrogeita nahikotxoak ondo ezkutaken ditu makilaje azpian, begien urdin sakona erakutsiz eta ezpain haragitsuak, jakituriaz, gorri-su kolorez nabarraraziz.

Soinean gau-soineko garden farfailduna darama. Adats horailak besaburu biluziak laztantzen dizkio.

- Gabon, andrea. Hemen duzu zure eskaria eta paper zimurtuaren atzeko aldean irakurriz Pizza familiar hawaiarra, gazta zati bikoitzaz.

Gaztearen urduritasuna nabaria da egoera konprometituaren aurrean.

Pizza emakumearen besoetan bortizki jarriz, ahalik eta azkarren saiatzen da krozka ezeroso ahalkegarri horretatik aldegiten.

- Zortzi dolar eta laurogeita hamabost zentabo. Eskerrik asko Pizzas of the loom aukeratzeagatik.

- Lasaitu zaitez mutil. Ez daukazu azkar joan beharrik! bere ahots eztiaz emakumeak, begiratu tarritatzaileak botatzen dizkion artean Sartu barrura, mesedez, ez zaitez kanpoan gelditu!